Joan den astean, gure herrialdean berriki gertaturiko eraso sexistarik bortitzenetako biren berri jakin dugu: batean, emakume gazte bat hil du bikotekideak, Santurtzin; bestean, sexu eraso bortzitza egin diote emakume gazte bati, Bilbon. Zoritxarrez, asteroko estatistika askoz ere zabalagoa da, nahiz eta bi gertaera horiek komunikabide guztietan agertu diren, beren gordinkeria eta lazgarrikeria guztiagatik. Seguruenik, herritar asko lotsaturik eta haserre sentituko gara, ikusirik mundu honetan emakume izatea arrisku larria dela oraindik ere. Orain, erasotzaileak salatu eta arbuiatu besterik ezin dugu egin, eta biktimei elkartasuna eta konpromisoa adierazi, baina berandu da jadanik. Bitxia da, baina kasuetako bat genero indarkeriako epaitegi deitzen zaien horietako batean epaituko dute -deitura okerra da inondik ere, gakoa sexismoa baita-, eta bestea, berriz, sexu erasoa, ez dute genero indarkeriatzat joko.
Azken urteotan, ikusi dugu agerian geratu dela harreman afektiboetan gertatzen den indarkeria sexista, baina horrek ekarri du indarkeria sexista zatika ikustea, bere osoan ikusi beharrean.
Munduan ba al da indarkeria espezifiko bat emakumeen kontra, emakume izateagatik? Erantzuna, zoritxarrez, baiezko borobila da.
Nondik dator? Indarkeria horren sorburua, azken 30 eta gehiago urtean organizazio feministek salatu dugun bezala, sexismoa da, eta ez besterik; sexismoa indartu egiten da indarkeria erabilita, eta, era berean, sexismoarentzat irauteko tresna bat da indarkeria. Sexismoak jokabideak (generoa) zehazten segitzen du, eta boterea banatzen, sexuen arabera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario