Pasa den urtearen amaieran, jostailu sexisten harira idatzi nuen artikuluan, prostituta itxura ematen dieten Barbie panpinak neskentzako eredu desegokiak izan zitezkeelako eztabaida utzi nuen airean. Konplexua da prostituzioaren fenomenoa, eta hamaika irakurketa mota egin liteke haren inguruan; irakurketa ekonomikoak, juridikoak, soziologikoak, antropologikoak, eta abar. Hala ere, gaur, prostitutaren irudiak, eta estigma hori jasatearen beldurrak, emakumeongan duen eraginaz hitz egin nahi dut. Prostitutaren irudiaren indar arautzaileaz.
Prostituta izatea, hobeto esanda, prostituta moduan lan egitea, emakume bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena dela esan izan digute. Diruaren truke norberaren gorputza saltzeak aukerarik desesperatuena izan beharko lukeela. Prostituta, azken finean, behar bezalako emakume baten antitesia da, eta horregatik ibili izan ohi gara emakumeok estigma horretatik ihesi, ez ditzatela gure portaerak gaizki ulertu, ez gaitzatela haiekin nahastu. Eta, izuturik, zenbat aldiz jarri ote dizkiogu mugak geure buruari? Eraginkorra da benetan beldurraren estrategia.
Baina planteamendu eta beldur horien oinarrian dauden ideiak ikuspegi feminista batetik aztertu beharko genituzke, prostituzioaren eta prostituten inguruko jarrera horiek emakumeon gorputzaren, sexualitatearen eta plazeraren irakurketarik tradizionalenean sustraitzen baitira sarritan.
Emakumeon sexualitatea sakralizatzen da, eta sexu harremanak izateko eredu hegemonikotik (bikote monogamoa, fideltasunean eta maitasunean oinarritua) aldentzen dena zigortzen. Horregatik guztiagatik, zalantza dut prostituzioaren aurka sutsu egiten duten zenbaitentzat prostituzioa bera baino salagarriago ez ote den prostituzioak errepresentatzen duena. Bere borondatez, eta borondatearena azpimarratu nahi dut, sexu langilea den emakumearentzat bere gorputza lan tresna da eta ez tenplu sakratua; pertsona ezberdinekin sexu harremanak izatea eta zerbitzu horren truke dirua jasotzea bere erabakia da. Kasu honetan, prostituta ez da emakume ahula, biktima edo pasiboa, bere gorputzari (eta bizitzari) buruz erabakiak hartzen dituen pertsona baizik.
Nire ustez,prostitutaren irudia lotsatik eta gupidatik aldentzen badugu, prostituzioari beste edozein lani adinako balioa ematen badiogu, emakumeon portaerak arautzeko duen karga sinbolikoa galtzen du.
Berri hau, internetetik hartutakoa da bereziki, berria egunkaritik.